Tejiendo Solidaridad – Auzotik Mundura

Tejiendo Solidaridad – Auzotik Mundura proiektuak Hezkuntza ez Formalean lan egiten duten hainbat esparru komunitariotan Hegoaldeko ikuspegia txertatu nahi du, horrela kontzientzia kritikoa eraikitzeko eta hainbat kolektibo sozial mundu solidarioago eta justuago baten aldeko borrokan aktibatzeko, bai eta komunitatearekin konprometitutako alternatibak bilatzeko eta ingurumena zaintzeko ere.

Tejiendo Solidaridad

Proiektu honen bidez, jatorri, profil eta adin desberdinetako pertsonak elkartzeko guneak sortu eta sustatu nahi ditugu –Tejiendo Solidaridad (elkartasuna ehuntzen)-; kulturen eta belaunaldien arteko aniztasunean eta aberastasunean oinarritutako prozesuak eraikiz.

Auzotik Mundura

Gainera, proiektuak komunitate izaera du – Auzotik mundura –, auzo-mailan lan egin nahi baita komunitate-lana egiten duten kolektiboekin, honela, gizarte-sarea indartuz. Talde-prozesuak garatuko dira kolektiboen eta parte hartzaileen beharrizan eta kezketatik abiatuta, ikuspegi globala txertatuz eta, horrela, sistemek eta aldaketa sozioekonomikoek nola eragiten diguten eta gure eguneroko tokiko ekintzek (banakakoek zein kolektiboek) mundu mailan duten eraginaz kontzientzia hartuz. Iruñeko baliabide eta gizarte-plataformen informaziorako sarbidea ere emanen da.

 

Herritartasun Globalerako eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza – Hegoaldeko ikuspegia

Osotasuna eta intersekzionalitatea

Gure ustez, funtsezkoa da intersekzionalitate-ikuspegi bat izatea, pertsonek gizartean dugun posizioa gainjartzen diren zapalkuntza-sistema desberdinen ondorio diren kategoria sozialek nola zeharkatzen dituzten aztertu ahal izateko: arrazismoa/etnizitatea, generoan sexismoa, erlijioa (erlijio-diskriminazioa), nazionalitatea, sexu-orientazioa (homofobia), klasea (klasismoa), desgaitasuna (kapazitatea)…

Eraldaketak Iparraldean: Ekintzarako bideratu

Ez du ezertarako balio Hegoaldea aldatzeko ahaleginak egiteak Iparraldea ere eraldatzeko konpromisorik gabe, bertan aurkitzen baitira desoreka horien zati handi bat eta, askotan, horien jatorria.

Prozesuak garatu, noiz behinkako ekintzen ordez
Hezkuntza-prozesuaz ari gara; izan ere, beharrezkotzat jotzen dugu egiten diren ekintzak ez izatea unean unekoak, baizik eta kolektiboekin egin beharreko plangintza adostu baten parte; izan ere, elkarte horiek ibilbide bat dute, eta testuingurua zein lan egiten duten biztanleria ezagutzen dituzte. Kontua da ikuspegi globaletik eta Hegoaldetik abiatuz zenbait trebetasun, baliabide eta ezagutza instalatuta uztea, gero proiektuan parte hartzen duten elkarteek gure presentziaren beharrik gabe mantendu ahal izan ditzaten.
Metodologia parte-hartzailea
Aurreko guztia lortzeko, metodologia parte-hartzaileak zein hezkuntza herrikoi eta eraldatzailearen tresnak erabiliko dira, sormenean eta lankidetzan oinarrituta. Protagonistaren papera espazioa osatzen duten pertsonetatik abiatuko da, bere errealitate soziala marko teoriko ezberdinekin aztertuz. Publiko zabalagoari zuzendutako ekintza irekiak eginen dira ere, gogoeta-prozesuetan eragiteko eta gizarte-eraldaketarako zein herritartasun globalerako gaien inguruan zalantza eta kritika eragiteko.

Proiektuan landu ditzakegun gai orokorrak:

Giza eskubideak

Globalizazioa eta nazioarteko arazo ekonomikoak

Bidezko merkataritza. Kontsumo arduratsua. Ekonomia solidarioa

Generoa eta garapena

Migrazioak

Antiarrazakeria

Bizikidetza eta nortasun kulturalekiko errespetua

Klima aldaketa eta mundu mailako ingurumen arazoak

Ekintzak

Aldezarrekin elkar ezagutuz eta jolastuz

2021eko urtarrilaren 26an

Auzotekako gazteak munduko errealitateak ezagutzen ari dira, beren ingurunea eraldatzen eta eragiten hasteko. Horretarako, beste erakunde batzuetakoekin batera, gure atea jo zuten zer egiten dugun eta eraldaketa solidario eta justu horretarako gure proposamenak zeintzuk diren galdetzeko. Elkarrizketa arratsalde polita izan genuen, Bety Cariñoren monopolyan jolasteko eta Triqui herriko (Oaxaca, Mexiko) defendatzaile honen borrokak hurbilagotik ezagutzeko aukera ere izan genuen.

GAS-ekin Elikadura Burujabetzan murgiltzen

2021eko martxoaren 4an

Medicus Mundiko Gizarte Ekintzako Talde (GAS) hau ostegunero biltzen da kezka sortzen dien gai bati buruz eztabaidatzeko, hausnartzeko, ikasteko eta, hortik abiatuta zalantzak, aldaketak, mobilizazioak… bultzatuko dituen ekintza bat burutzen dute, horrela, gizarte bidezkoago eta iraunkorrago baterantz aurrera egin dezagun. Oraingo honetan, haiekin bildu ginen Elikadura Burujabetza zer den aztertzeko. Eredu agroindustrialaren zentzugabekeriari buruzko zenbakiak eta hausnarketak partekatu genituen; baita elikadura burujabetzak bizitza zaintzeko eskaintzen digun aukera ere; eta mandarino-soroetara bidaiatu genuen gure zentzumenen bitartez.

2021eko martxoaren 18an

Ostegun honetan, Elikadura Burujabetzan lan egiten duten Maialen Chantre eta Ana Claudia Rauber nekazari gazteak entzuteko aukera izan dugu. Maialenek bi urte daramatza Zugarramurdin bere proiektuan lan egiten, ekoizten dituen produktuak inguruko herrietan eta kontsumo talde bati salduz. Ana Claudia Paranako estatuan (Brasil) bizi da, Movimento de Molheres Camponesas-eko (MMC) militantea eta hazi kreolen zaindaria da. Biek agroekologiaren alde lan egiten dute, lurra eta pertsonak zaintzeko proposamen gisa ulertuz; eta egunero, sistemak emakume, gazte eta nekazari izateagatik ezartzen dizkien zailtasunei aurre egiten diete.

Bullying arrazistari buruzko tailerra SEI-rekin

2021eko martxoaren 13an

SEI-ko premonien taldeak, elkartera iritsi berri diren txikiekin jarduerak burutzen ditu astero, eta, horretarako, etengabeko prestakuntzan ari dira hezkuntza emozionala, gatazken konponbidea eta sexu-heziketa bezalako gaietan. Kasu honetan, SOS Arrazakeriako kideek bullying arrazistaren aurrean esku-hartzeko tailer bat egin zuten, non bi kontzeptu horietan sakondu, esku-hartzeko eta ekiditeko protokoloak ezagutu, eta etiketei eta aurreiritziei buruz hitz egin zuten.

Lolita Chávez eta GASekin topaketa

2021eko martxoaren 24an

Asteazken hartan, Lolitarekin eta GAS-eko taldeekin hitz egiteko aukera izan genuen. Beste askoren artean, erauzketa-enpresek; inperialismoak; behartutako migrazioek; gorputzen, herrien eta lurraren gaineko indarkeriak; zein defendatzaileen jazarpenak eta estigmatizazioak Iximulew-ko (gaizki izendaturiko Guatemalako) lurraldean eragiten dituzten egoerei buruz aritu ginen. Baina baita horren guztiaren aurrean, bizitzaren eta lurraren alde egiten duten proposamenetaz, auzolanetaz, maia herriaren kosmobisioaz, hezkuntza herrikoiaz, asanbladetaz, amorru duinaz… labur esanda, defendatzaile, feminista komunitarioa eta bozeramaile bezala Lolitak izandako bizipenetaz. GAS-eko gazteek ere, ehungintzaren salaketaren eta Disney printzesen eraldaketaren inguruan egindako lana partekatu zuten, besteak beste.

Lolita Chávez eta Aldezarrekin topaketa

2021eko martxoaren 26an

Lolitaren hitzarekin jarraituz, ostiralean Aldezarreko formakuntza taldearekin bizipenak partekatu genituen. Oraingoan Lolitak, Iparralde Globaleko biztanle garen aldetik, gure erantzukizuna har dezagun eta gure lurraldean zein Hegoaldean enpresa transnazionalek burutzen dituzten indarkeriei aurre egiteko deialdia egin zigun. Komunitatearen garrantziaz aritu ginen, elkar ezagutzeaz eta indarrak batzeaz; arte-adierazpenek dakarkigutenaz; ikuspegi feministak, LGTBIQ+, antirrazistak, ekologistak, kulturalak… biltzeaz; eta haur eta gazteek esparru guztietan parte hartzearen garrantziaz.

SEI-ko gazteak Baratze Kritikoan

2021eko apirilaren 23an

Maialen Chantre ekoizle nafarraren eskutik, SEIko gazteek Baratze Kritikoaren erakusketan bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Elikadura-sistemari buruz hitz egiten duten paneletan zehar, ikuspegi kritiko batetik nekazaritzako elikagaien negozioaren tokiko eta mundu mailako egoeran; elikadura segurtasunik ezan, lurrerako eskubidean, migrazio-mugimenduetan, emakume baserritarren egoeran eta aurki ditzakegun alternatiba anitzetan murgildu ziren, besteak beste.

Klima aldaketari eta energia berriztagarriei buruzko hitzaldia Lacarrarekin

2021eko apirilaren 29an

Joan den ostegunean, Lacarra Nagusien Elkarteak klima-aldaketaren arazoari buruzko online hitzaldi bat jaso zuen Goienerren eskutik. Kooperatiba zertan datzan aurkezteaz gain, klima-aldaketari aurre egiteko guk zer egin dezakegun ere azaldu zuten, eta energia-jasangarritasunerako zein elektrizitatearen fakturan aurrezteko zenbait aholku eman zituzten. Amaitzeko, solasaldia aberastu zuen galdera- eta hausnarketa-tarte bat izan zen.

Formakuntzak GASeko begiraleekin

2021eko apirila-maiatza

Astean behin, GASeko begiraleekin elkartu gara mugei eta askatasunez mugitzeko eskubideari, software askearen erabilerari, BDZ kanpainari eta lurraldearen zein giza eskubideen defentsari buruzko formakuntza ezberdinak egiteko; ondoren, ezagutza eta baliabide horiek guztiak gazteekin praktikan jar ditzaten. Gainera, gizarte-ekintzako talde gisa, Palestinako eta Kolonbiako gertakari larriekin konprometituta, egun horietan deitutako kontzentrazioetan parte hartu genuen.

Antzezlana eraikitzen

2021

Ikasturte osoan zehar Teatrolari antzerki eskola “Flores de Papel” antzezlana eraikitzen aritu da, bere pertsonaiek eskaini ahal dizkiguten aukera ugariekin esperimentatuz; haien elkarrizketekin, ekintzekin… jolastuz; klase eta genero harremanei, elikadura burujabetzari, migrazioari… eta bi pertsonaia horien topaketatik sortzen diren gai askori buruz gogoeta sortarazteko. Gainera, antzezlana modu parte-hartzailean osatu da, entseguetara “publiko kritiko” gisa joan diren elkartekideekin. Gero eta gutxiago falta da estreinaldirako!

Proiektua antolatzen dugun elkarteetaz eta burutzen ditugun ekintza guztietaz gehiago jakiteko:

Mugarik Gabe Nafarroa Logo